DOMOTIKA BULEGOETAN

Askotan, domotika etxebizitzetako sistemen kontrolarekin lotzen da, eta bulegoetan izan dezakeen garrantziaz ez gara konturatzen. Kasu honetan bilera gela batean egin dezakegun aplikazioa deskribatuko dugu.

Bulego guztiek dute bilera gela bat, enpresaren aurkezpen gelak izan ohi direnak; bezeroak edo beste enpresatako ordezkariak biltzen dituena. Horregatik gero eta ohikoagoa da bilera gela hauen automatizazioa (edo domotizazioa).

Hasteko, bilera gela batean kontrolatu dezakegunaren adibideak jarriko ditugu. Normalean, pare bat argiteri zirkuitu izango ditugu, agian pertsiana motorizatuak, proiekzioetarako pantaila eta proiektorea. Agian baita telebista bat DVD erreproduzitzailearekin. Garrantzitsuena gelako kontrola bilerako moderatzailearen esku jartzea izango da. Gauzak horrela bilera gelaren kontrola pantaila ukigarria duen funtzio anitzeko telemando batean oinarrituko da.